berria.info

 

Osteguna, 2015eko martxoak 12a.

 

Gabriel del Rio. Sestao taldeko jokalaria.

 

«Sestaok pertsonak fitxatzen ditu».

 

Sestao xake taldeak laugarrenez irabazi berri du Euskal Liga, berriz Grosekin lehia estua izan ostean. Hori gutxi ez, eta haren bigarren taldea nagusitu da beheragoko maila batean.

 


 

Josu Tornay.

 

Argentinarra da jaiotzez Gabriel del Rio xakeko maisu handia, baina urteak dira Espainiako herritartasuna hartu zuenetik. Urteak daramatza Sestao taldearekin jokatzen. Erabat egokituta dago klubera.

Sestaok Euskal Liga irabazi berri du. Esan daiteke aurreikusita zegoen moduan irabazi duela?

Beti zaila da irabaztea. Maila gero eta hobea da, eta Gros aurkari sendoa da. Berez, azken txanda arte ez zegoen ezer erabakita. Gainera, azken urteotan Sestaon eta Grosen goi mailako jokalariak egoteak beste taldeetako jokalarien maila igotzeko ere balio izan du. Gero eta gehiago sufritu behar dugu beste edozein talderen aurka puntuak lortzeko. Horrek meritu handiagoa ematen dio lortu dugun garaipenari.

Sestaon punta-puntako talde bat osatzea erabaki zenetik, goi mailako jokalariak fitxatu izan ditu klubak. Zein da Sestaoren filosofia fitxaketak egiteko orduan?

Sestaok pertsonak fitxatzen ditu. Ez da nahikoa goi mailako jokalari bat izatea. Ideia da gure taldean egokitzeko gai den maisu handi bat fitxatzea. Horregatik, fitxaketa bat egin baino lehenago profilak ondo aztertzen dira, eta ganorazko aholkuak kontuan edukitzen dira. Fitxatutako jokalaria gure balioekin ondo moldatzen denean, beti saiatzen gara pertsona horri eusten. Kluba ez da bereziki epe laburrerako errendimenduan kontzentratzen. Romain Edouard eta Maxime Vachier-Lagrave dira horren adibide. Oso gazte hasi ziren biak gurekin jokatzen; ondo moldatu ziren, eta, egun, gurekin jarraitzen dute, nahiz eta nazioarteko zerrendetan munduko onenen artean dauden.

Eta zer moduzkoa da harrobiaren osasuna? Gazteren batek jokatuko du aurki lehen taldean?

Klubeko harrobia oso emankorra izan da, eta tituluak lortu ditu azken urteetan. Gure kasuan, gainera, harrobi horrek aukera dauka lehen taldean jokatzeko. Aldaketarik egon ezean, datorren urtean harrobiko bi gazte Ohorezko Mailako taldean ariko dira, eta ziur nago asko lagunduko dutela. Haiek bigarren taldean utzitako hutsunea betetzeko, gainera, beste bi gazteri emango zaie aukera.

Urte batzuk daramatzazu hemen. Zein maila dago Euskal Herrian?

Goi maila dago. Nire ustez, jokalari batzuek benetan maila hobea daukate euren elo rankingak esaten duena baino. Agian ez dute torneo nahikorik jokatzen maila hori haien rankingean isla izateko. Niri urtetik urtera zailagoa egiten zait Euskal Ligan partidak irabaztea, eta horrek erakusten du urtez urte maila hobetu dela.

Zergatik kostatzen da hainbeste orduan Mario Gomez, Txelu Fernandez eta Felix Izetaren ostean maisu handi berriak ateratzea?

Nire ustez, garai aldaketa batean delako xakea. Egun, maisu handi bilakatzeak ez du ezer bermatzen. Lehen baino askoz maisu handi gehiago dago, eta ez da erraza honetaz bizitzea. Jokalari gazte askok ez du bere bizitza hipotekatu nahi titulu hori lortzeko. Horrek ez du esan nahi ez dagoenik Euskadin maila hori daukan jokalaririk.

Espainiako Txapelketa da hurrengo erronka. Faborito zarete?

Ilusio handia dugu. Bi urtez jarraian titulua irabazi ostean, Meridako taldeak gure tokian ipini gintuen iaz, eta merezita irabazi zigun. Aurten aldaketa batzuk egin beharko ditugu, eta saiatu berriro txapelketa irabazten. Baina oso zaila izango da, talde guztiak oso lehiakorrak direlako. Espero dut irabaztea eta, bestela, behintzat titulua Euskadin geratzea, eta Gros irabazle izatea.

Eta zuk zein helburu duzu?

Nire helburu bakarra egunetik egunera hobetzea da. Espainiako txapelketarako sasoiko egon nahi dut, nire klubari laguntzeko.

 

http://www.berria.eus/paperekoa/1872/029/001/2015-03-12/sestaok_pertsonak_fitxatzen_ditu.htm